Bidaia bat izarretara

Bidaia bat izarretara

Neil Armstrongek ilargia zapaldu zuen lehenengo aldian, “gizakiarentzat pauso txiki bat… jauzi ikaragarria gizadiarentzat” zela esan zuen eta joan den maiatzaren 20an  Artemanek inoiz baino hobeto ulertu zuen Armstrongek 1969ko uztailaren 21 hartan sentitu zuena.

Gure Aretxabaletako bulegotik emozioz bizi izan genuen Satlantis euskal erakundeak Nazioarteko Espazio Estaziora hemen, Euskal Herrian, diseinatutako eta garatutako kamera bat bidali zueneko lehen aldia. Japoniako Tanegashimako irlatik egin zen jaurtiketa maiatzaren 20ko 19:30ean eta gu izan ginen, gure egoitzatik, Amerika, Europa eta Asiako puntu ezberdinetan zeuden pertsonen arteko lokarria, 1969 hartako Armstrongen momentu historikoa bailitzan, milaka pertsonaren etxeetara momentu hori eramateko misioa izan genuenak.

 

Mugarri historikoa

Erronka izugarria izan da Artemanentzat, egun mundu mailan bizi dugun ezohiko egoeran, maila honetako zuzeneko emanaldi bat kudeatu eta koordinatzea. Urduritasunak, kezkak eta ardurak egon dira, guztiz berria den zerbaiten aurrean jartzen zareneko ohiko sentimenduak, baina Satlantiseko lagunekin beti elkarlanean, elkar sorkuntzan, aukera ezberdinak aztertu eta zailtasun guztiei aurre egin diegu.

Streaming-ean parte hartu zuten parte-hartzaileen zerrenda eta hedabideen jarraipena: https://satlantis.com/isim-170-is-on-its-way-to-the-iss/

Izan ere, guretzat bezeroarekin konfiantza berebizikoa da, baita ordezkari instituzionalak, adituak eta arloan ezagutza handia duten protagonista ezberdinak tartean dituen horrelako ekitaldi batean ere. Satlantisekin izan dugun elkarlana, komunikazioa eta konfiantzarik gabe, ezin horrelako erronka baten aurrean ausartak izan eta horregatik, bihotzez eskertu nahi diegu gugan sinistu izana, duela zazpi urte hasi zuten proiektu hau aurrera ateratzeko beraiengan sinistu zuten gisan.

Ekintzaren beraren hedapenaz ere harro gaude. Euskal teknologia orbitan jartzeak sekulako oihartzun mediatikoa izan baitu. Argitalpen espezializatu eta orokorretan, telebista zein irratietan, Euskal Herrian zein Estatuan, Satlantisen markak ikusgarritasun izugarria izan du. Proiektuak balio izan digu ezagutza berriak garatzeko eta gure eskaintzan aurrerapauso nabarmenak emateko. Zorionez, know how guztiak ez du espaziora bidaiatu eta ezagutza gurean geratuko da, gurekin bidaiatzea erabakitzen dutenekin konpartitzeko.

Zuzenekoak eragindako sentimenduekin, ondo egindako lanak ematen duen asebetetzearekin, gure taldeaz harro eta, oso-oso eskertuta, hurrengo bidaia eta abenturen bila jarraitzen dugu Artemanerook. Hankak lurrean mantentzen ditugun arren, izarretara bidaiatzen jarraituko dugu ahal dugun guztietan!!