ERRAIAK

Gorka Etxabe/

Sekula egin duzu? Mendian agian? Lagun bat betirako agurtzerakoan? Sagardotegian ziur asko. Zerk eraginda egiten duzu? Barneak askatzeko balio izan dizu behar bada. Pentsatu duzu inoiz jatorriaz? Nondik datorkizun edo zeini entzun zenion aurreneko aldiz… Nola hasi zinen? Nola sentiarazten zaitu?

Egiten duenak bakarrik daki zer sentitzen duen. Sentitu dezake zoriontasuna, komunikatzeko beharra edo amorrua. Sentitu ditzake poza ala tristura. Berak daki zergatik egiten duen. Hark daki barne-barnetik botatzen duen garrasiaren arrazoia zein den. Horrela ikasi zuen barrua husten. Eta hala egingo du aurrerantzean ere aukera duen bakoitzean. Amak erakutsi zion, eta amamak ere ederrak botatzen zituen.

Txikitatik bere oroitzapenean txertatuta, buruan zein erraietan ondo babestuta. Belaunaldiz belaunaldi XXI. mendera arte iritsi da gure arbasoen oihua. Gure herriaren kulturaren eta tradizioaren dimentsio aberatsean toki berezia du. Baina, aspaldikoa bada ere, irrintziaren inguruan ez da gehiegi idatzi. Eta ikus-entzunezko formatuan ere ezer gutxi egin da.

Dokumentalaren kronograma

Duela urtebete gurutzatu ziren Ekain Martinez de Lizarduy Sturtze eta Artemanen bizitzak. Donostiarra jaiotzez Atxabaltan bizi da egun Martinez de Lizarduy eta Irrintziaren gaineko Ikerketa bat burutu du azken urteotan. Antropologoa ikasketez, euskal kultura, tradizioak, arbasoak… ikertu izan ditu eta Irrintziaren inguruko ikerketa ere iraganaren gainean zerbait gehiago jakitearen eremuan kokatzen da.

Urtebete gure bizitzak gurutzatu zirela. Urtebete interesen konfluentzia eman zela. Eta interes horrek eman du fruitua 12 hilabeteren ondoren. Ideiaz gerturatu zitzaigun eta argi ikusi genuen ikus-entzunezko dokumental bilakatu genezakeela.

  Marka-irudia eta webgunea berritu ditugu

Hasieratik iruditu zitzaigun interesgarria eta denbora zein baliabide tekniko ugari eskaini dizkiogu ekoizpenari Artemanen. Grabazioak Hego Euskal Herri osoko lokalizazio ikusgarrietan egin ditugu, airetik zein lurretik, post-produkzioari ordu amaigabeak eskainiz eta edizioa ondo baino hobeto josiz. Artemaneko lan-taldeak sekulako lana egin du proiektuaren mesedetan, benetako elkar-lanari zentzua emanez.

Ekain Martinez de Lizarduyk hasieratik egindako ikerketa lanari eta pertsonaien aukeraketan eginiko esfortzuari erantzunez dokumental borobila sortu dugu.

Ikus-entzunezko emaitzak benetan merezi du eta aurrerantzean, Hego zein Ipar Euskal Herriko kultur etxe eta zine aretoetan aurkeztuko dugu.

 

32 minutu begiak eta belarriak zabal zabalik

Abenduaren 1ean estreinatu genuen dokumentala Aretxabaletan, Arkupe kultur etxeko Zaraia aretoan. 200 pertsonaren aurrean ERRAIAK dokumentala lehenengo aldiz ikusteko aukera izan zen eta ikusleen sentsazioak ikusirik, ziur gaude 2019an zeresana eman behar duela dokumentalak.

Izan ere, ERRAIAKek erraiak mugitzen ditu, barne-barneak astintzen ditu eta ez du inor epel uzten. Erritmo bizian, irrintzi ugariz jantzia, argazki izugarriaz, 32 minututan dokumentalak irrintzia zer den azaltzen du, emozioak eraginez eta hausnartzera gonbita eginez. Gomendagarria.