15 urtetxo besterik ez!

Gorka Etxabe/

Nerabezaroan gaude bete-betean! Alegia, etengabeko trantsizioan bizi gara. Hala daramatzagu azken urteak eta oraindik ere helduarora iristeko urte batzuk falta zaizkigu. 2003an jaio ginen, gaurko egunez, ordua ez dugu gogoratzen, baina goiz izango zen, goiztiarrak baikara familia hau osatzen dugunok.

2011n kooperatiba bilakatu ginen, eta Bilbon sinatu genituen paperak, notario euskaldunaren aurrean. Kooperatibarekin lotu genuen gure proiektua, urte askotarako esan genion elkarri. Ez genuen bazkari ospakizun handirik egin, gure estiloari so eginez.

Gaur, 2018ko ekainaren 19an, hazten jarraitzen dugu, gorputza (dagoeneko 15 langile) eta pentsamendua (askotariko bezero eta sormen handiko lanak) azkar garatzen ari zaizkigu.

Horregatik, gaur, 15 urterekin, desberdin sentitzen gara, eta edozein nerabek bere buruari galdetzen dion moduan, guk ere (Artemanen) gure buruari hiru galdera egiten dizkiogu: “nor demontre gara?”; “zer egingo dugu etorkizuneko erronkekin?”; eta, “zein da Artemanen egitekoa komunikazioaren mundu honetan?”.

Askok uste zutena baino gauza handiagoak egiteko gai garela erakutsi dugu 15 urteko ibilbidean, eta, orain, beste horrenbeste egiteko hausnarketa estrategikoa beharko dugu egin. Bai, hitz potoloak dira biak, hausnarketa eta estrategikoa, baina gure erakundeak aurrera egingo badu, bi hitz gako horiei erantzunez izango da.

Nerabe arduratsua da Arteman. Gure buruaren jabe, eta erabaki egokiak hartzeko gai. Gertu ditugu lagun asko. Goiena, AZK, Mondragon Unibertsitatea, MONDRAGON Korporazioa, ALE, HAZI, Puntueus, TriVitoria, Bai Euskarari… Eta beste asko (aipatzen ez ditugunak ez daitezela haserretu). Lagun fidelak guztiak.

  El mejor máster posible

Elkarrekin, errespetuz, bide luzea egiteko gai garela erakutsi dugu. Eta helduarora trantsizio bidean, horrela izatea nahi dugu. Lagun guzti horiekin une pozgarriak, haserrealdiak, sari zein porrotak izango direla badakigu, baina ziur aurrera egiteko gai garela beti. 15 Urte besterik ez! Bizitza osoa aurretik dugu.

Zorionak guri kantatuko diogu gure buruari gaurkoan.

Eskerrik asko erakutsi eta eman diguzun guztiagatik, ARTEMAN.