Gailurreraino eraman gaituen orkestra!
Gailurreraino eraman gaituen orkestra!
Beti da zirraragarria komunikazio proiektu batekin lanean hastea eta are zirraragarriagoa proiektuak zeluloidea, animazioa, musika eta umorea batzen baditu. 2021eko azaroan jaso genuen Lotura Filmseko enkargua Orkestra Lurtarra filmaren komunikazioaz arduratzeko. Euskal Herrian, Katalunian eta Espainian estreinatu behar zen filma aldi berean, hiru hizkuntzatan, eta komunikazio plana bideratzea erronka handia izan zen.
10-12 urteko gaztetxoak dira filmaren xede-talde zuzena, baina beste bi talde ere helburuen artean jarri genituen: familiak eta kultura arloko aditu eta arituak.
Hala, komunikazioren kontzeptualizazioan ondoko helburu estrategikoak definitu genituen:
- Konexioa: publikoarekin konexioa lortzea. Produktutik harago, pertsonetara, emozioetara.
- Notorietatea: ikusgarritasuna lortu gizartean.
- Akzioa: interesa ez da nahikoa; familiak zinemarako sarrerak erostera bideratu behar dira.
- Erreputazioa: erreferentzialtasuna lortzeko publikoaren iritzi positiboak sustatu behar dira.
Ondorengo komunikazio arloetan oinarritu gara kanpaina garatzeko: komunikazio mediatikoa, publizitatea hedabideetan, estrategia digitala (social media eta edukiak), publizitate digitala, influentzia marketinga eta komunikazio soziala (aurrestreinaldiak).
Katalunia eta Espainiako estrategia influenzer marketingean oinarritu da batez ere. Familia-planak eta kultur arloko kontuak argitaratzen dituzten zenbait influenzerrek oso positiboki konektatu dute eta filmari ikusgarritasuna eman diote.
Nabarmentzekoa izan da medioetan izan duen oihartzuna ere. Elkarrizketak, erreportajeak, zine-kritikak, telebistan, irratian, paperean… Ugari izan dira medioetako aipamenak eta filmak merezi zuen bezalako tartea eman diote.
Eta ezin da aipatu gabe utzi kultur arloko eta, batez ere, musika arloko zenbait lagunen atxikimendua: Fermin Muguruza, Anari, Mursego, Mikel Kazalis, Manu Chao, Fito Cabrales… Donostiako aurrestreinaldian izan genituen gehienak:
Proiektuak zurrunbilo batean murgildu du taldea eta gustura aritu gara korrontearen kontra, Orkestra Lurtarreko protagonistak bezala: Manu, Salegi, Perfumetti anaiak, Aldika, Osoki, Presidente,… gure bihotzean egongo dira betirako!
Lotura Filmsen sareetan aurkituko duzue informazio gehiago:
Mila esker proiektu honetan bidelagun izan zaituztegun guztioi, bereziki, Lotura Filmseko Miren, Kristina, Imanol eta Josebari. Avanti popoli!