Hemengoa da guk gure egiten duguna
[vc_row padding=”default-padding” bg_attachment=”scroll”][vc_column el_class=”col-md-8 col-md-offset-2″][az_column_text]
Hemengoa da guk gure egiten duguna
Euskarak behar du salto egin plazara, garitoetara, lokaletara, dantzalekuetara, lantokietara, auzuneetara, hirietara… eta, horretarako, aurre egin behar dio datorrenari, hor ere bere lekua eraikiz.
Korrika beraren ideia, izateko eta egiteko modua, garapena, lurraldetasuna, dinamika, lekukotasuna, batzea, aurrera egitea, kultura artekotasuna, adinen arteko elkarkidetza, batzeko nahia… ikaragarriak dira, mundialak, ia hobetu ezinak. Horregatik pizten du hainbeste jende desberdinen artean ilusioa, jakin-mina eta zirrara, horregatik sortzen du askorengan barruko klika.
Dagoeneko aurkeztu da 2019an Euskal Herria zeharkatuko duen 21. Korrika; eta Fermin Muguruza, Mad Muasel eta La Furia-k idatzi duten kantua publiko egin da. Ausarta da kantua eta modernoa, oso kalekoa eta urbanoa, kultura arteko talka eta elkarbizitza irudikatu eta gorpuzten duena. Ausarta da zalantzarik gabe, eta horrek askotariko erreakzioak piztu ditu; horien artean badira –erreakzioak– izugarrizko herri-lotsa sorrarazi didatenak. Horiek ikusita oraindik ere badirudi gure herri honetan belaunaldiz belaunaldi beldur diogula berriari, kanpotik datorrenari, oraindik probatu ez dugunari, gure purutasuna –zer arraio da hori?– kutsatuko duenari… Nahiago dut jarrera hori bizitzako beste hainbat egoeratara ez estrapolatzea, oso-oso kezkagarria iruditzen zait-eta.
Egia da halabeharrez globalizazio garaian murgilduta gaudela erabat, baina gustatu ala ez hori ezin dugu saihestu. Jarraitu dezakegu globalizazio horri bizkarra ematen dioten bestelakoak sortzen, baina, aldi berean, ezin dugu baserrian/elkartean/txokoan/kobazuloan sartuta jarraitu. Euskarak behar du salto egin plazara, garitoetara, lokaletara, dantzalekuetara, lantokietara, auzuneetara, hirietara eta rave-etara, eta horretarako aurre egin behar dio datorrenari, hor ere bere lekua eraikiz. Izan ere, herri zaharra gara, antigoalekoa eta iraun badugu etorri denari aurre egin diogulako izan da.
Gauza bera gertatu zen bertsolaritzarekin, gure herriko altxor bizi eta bereizgarrienetakoa den horrekin. Hilzorian eta desagertzear izan zen egoera berrietara egokitu nahi izan ez zutelako. Eskerrak batzuen ahalegin erraldoi –eta askoren ustetan traizio handiagoari– esker beldur eta traba horiek alboratu eta salbatu zen; horrenbeste, inork pentsatzen ez zuen tonaka gazte batu zituela eta dituela errimak josten eta doinuak amesten.
Hori guztia esanda aitortzen dut ez naizela neu bereziki reggaeton, trap eta gaur egun gure artean hain presentzia indartsua duten estilo hauen zalea eta sei urteko semea kantu latinoak abesten entzuten dudan bakoitzean kostatzen zaidala aurpegitik harridura estaltzea, baina ezin diogu horri bizkarra eman; hemen dago eta gelditzeko etorri da. Hortaz, ikasi dezagun horrekin ere bizitzen eta ahal den heinean gure ere egiten.
Jakina, batzuek bestelako estiloak ere –zaharkituak agian– bultzatzen eta sustatzen jarraituko dugu –gustuko ditugulako, ez hobeak direlako–, baina erabat jakitun izanik etorkizunak eta euskarak elkarrekin egon behar dutela; bestela, kaleko eremu berriotara irteteko gai ez bagara, kale egingo dugu. Bada ezjakintasunak eta aurreiritziek sortutako beldurrak albo batera utzi eta klika egiteko ordua!
(Iritzi artikulu hau Gaur8n argitaratu da abenduaren 8an).
[/az_column_text][/vc_column][/vc_row]