Agur, Joxerra Elortza!

[vc_row padding=”default-padding” bg_attachment=”scroll”][vc_column el_class=”col-md-8 col-md-offset-2″][az_column_text]

Agur, Joxerra Elortza!

Gorka Etxabe/

Hamasei urte beteko dira Artemanera iritsi nintzela, eta aurretik Arrasate Telebista  eta Goiena bizitoki eta lan leku izan nituen. Kolaboratzaile aritu nintzen, telebista saio batekin hasieran, ikasketa prozesuan lehenengo pausuak emanez. Arrasate Telebistako garai haietan pasiluetan ikusi izan zintudan, euskararen sustapena arduraz hartzen zenuela gogoan dut. Agurtzen gintuzun, baina harreman sakonik ez genuen landu. Zure alaba ere, Naroa, ezagutu nuen etapa hartan. Aspaldi ez dut ikusi baina jakin dut Goierrin bizi dela. Une latza pasatzen egongo da orain. Gero Goienako garaia iritsi zen, eta garai hartan gure arteko hartu-emana handiagoa izan zen. Kolaboratzaile moduan gerturatzen zinen gurera, euskara, kooperatibismoa, pertsonak… Arlo askoren inguruan hitz egiteko gaitasuna eta prestutasuna erakusten zenituen beti. Albistegietan ere kolaboratzeko prest agertzen zinen eta ohikoa zen Goienako erredakzioan zu ikustea. Umore onez normalean, aldarte onaz beti.

Arteman Komunikazioko hamasei urteko bidean ere elkartu izan gara. TU lankide aldizkariko orrialdeetan askotan azaldu zara, Forokoop-en, ALEko batzar orokorraren harira, kooperatibismoaren bandera ere beti defendatu izan duzu-eta… Kooperatibismoak eta Arrasateko esperientziak ere batu izan gaitu. Zu elkarrizketatuaren azalean eta ni elkarrizketatzailearenean. Azkenekoz orain dela hilabete inguru egin genuen topo, Garaia Teknologia Parkean, Arizmendiarrietaren Lagunen Elkartearen Batzar Orokorrean. Etxabe! Esan zenidan. Ondo! Bai, betiko martxan! Erantzun nik. Horrelakoak ziren gure topaketak. Laburrak eta errespetuzkoak.  Ahaleginduta ere ez dut zure aurpegian irribarrea ez den beste keinurik gogoratzen. Kooperatibismoari zor diogu gauza asko bailara honetan, eta zu hori ikusarazten saiatzen zinen. Positibotik beti.

Aurreko astean zutaz hitz egiten aritu ginen. Gorka Zubizarreta lankidea eta ni neu. Astelehena. Arratsaldez. Gerora jakin dugu arratsalde hartan garun-isuria izan zenuela. Kasualitatea. Berriro ez dut zurekin topo egingo. Ez gara elkartuko TU lankideko konturen batekin. Atzo Rosa Mondragon lankideak idatzi zuen eta argitaratu zuen TU lankiden zure heriotzaren berri. Pena. ARTEMAN osatzen dugun kooperatibistok eta euskaltzaleok gogoan izango zaitugu. Agur Joxerra Elortza!

[/az_column_text][/vc_column][/vc_row]