Bidelagunak

20 urtetik gora pasa dira Arteman sortu zenetik. Ibilbide luze eta emankorra, ezbairik gabe. Laupabost pertsonek abiatutako esperimentua izatetik 20 bat familiei jaten ematen dien proiektu sendoa izatera pasa da komunikazio agentzia. Batez ere gure bailaran lan egiten hastetik -eta jarraituz, noski- Euskal Herrian erreferenteak diren elkarte, erakunde eta enpresekin ere hartueman estua izatera pasa gara. 

Proiektua martxan jarritako edo epe laburrean ontzira batu zirenetako batzuk utzi gaituzte bidean bizitza lege; eta beste asko, gazteagoak, batu dira bidean lantaldera. Ekarri dituzte ezagutza berriak, freskoagoak, eta bestelako ikuspuntuak; eta jaso dituzte bertan batutako bizipenak, esperientzia eta ezagutza. 

Era berean, gizartea erabat aldatu da, gainditu ditugu mota desberdinetako krisiak, eraldatu dira lan egiteko moduak eta eskaerak, jendearen beharrak eta ohiturak, formatuak ez dira berdinak, lurreratu da, gelditzeko, Adimen Artifiziala…

Eta guk ere azalean bizi izan ditugu aldaketa handiak: kooperatiba bilakatu ginen, teknologia berriak gehitu ditugu, etengabeko formazioan gaude, probatu ditugu negozio eredu berriak, berrantolatu ditugu zereginak, egoitza funtzionala sortu eta gure beharretara moldatu dugu…

Baina bada aldatu ez den zerbait, gurekin lan egiten duten hornitzaile, kolaboratzaile eta gure zerbitzuaren hartzaile direnek, guk bidelaguntzat ditugunek, gutaz behin eta berriro nabarmentzen dutena, haien esanetan hitzez eta ekintzez egunerokoan erakusten dieguna: soluzio profesional egokiak ematen asmatu eta haien beharretara aurreratzen ahalegintzeaz gain, beti erakusten dugun gertutasuna. Handikeriarik gabe, artifizio eta formula ezkutu gabe garen modukoak azaltzen gara haien aurrean eta haien parera jartzen gara dituzten beharrak ulertu eta partekatzeko. Hori ezingo du inongo makinak ezta bestelako inteligentzia artifizialak ordezkatu. Alboan dugunak badaki horrek duen balioa eta horrela bizi du, hala esaten digu.  

Nola, bestela, askotan hain zakarra eta kupidagabea den merkatu nahasi honetan hainbeste bidelagun fidel eta iraunkor izaten jarraitzea? Probatu duenak, txiki zein handi, gurekin errepikatu nahi izatea? Asmatu ez dugunean, hala onartu eta kontuak mahai gainean jarrita guztiontzat konponbidea aurkitzen ahalegintzen gara. Zerbitzua ematerako orduan gauza berriak, espero ez dituenak, aholkatu izan ditugu eta hartzaileak, probatu gabe, gugan sinistu izan du gehienetan. Zerbitzu bat ematerako orduan, egile zein hartzaileendako, guztiondako, emaitza hobea izan dadin entrega epea atzeratzea eskatzeko ‘atrebentzia’ izaten dugunean, albokoak ulertu eta onartu egin ohi du. Horiek eta gehiago dira gertutasunak sortzen dituen konfiantza harremanak eta elkarren bidea egitea errazten duten laguntasunak. 

 

Iker Barandiaran, eduki arduraduna.