Egin daitekeen masterrik onena

Eider Ballina/

Duela urte batzuk egin nuen nire lehen agerpena Artemanen, Ikus-Entzunezko Graduaren praktikaldi baten baitan. Aberasgarria izan zen, oso, eta geroztik beste zenbait egonaldi egin izan nituen gradua bukatu bitartean. Prozesu natural bat jarraituz, gaur egun Artemaneko langile bilakatu naiz, eta langile naizen honetan Artemanen blogerako nire lehen artikulua idazteko unea iritsi zait.

Nire gradua bukatzearekin batera, Artemanekin batera Loramendi Ikastolako 50. urteurreneko dokumentala egiteko aukera egokitu zitzaidan, eta hau bukatzearekin batera lantaldearen parte izatera pasa nintzen, duela zortzi bat hilabete.

Arlo profesionalera salto egitearekin batera, merkatuak komunikazioaren esparruan eskaintzen dituen aukerez kontziente naiz, komunikazioarekin lotutako beharrak areagotzen ari baitira enpresa eta erakundeetan. Badirudi, krisialdi garaia igaro dela eta berebiziko garrantzia ematen zaiola enpresa zein erakundearen irudiari, barruko komunikazioari, bezeroaren arretari…

Guzti horren lekuko gara Artemanen. Enpresa, elkarte eta erakundeentzako egiten dugu lan gehienbat, eta bezero bakoitzak bere nortasuna, balioak islatu nahi ditu, nolanahi ere merkatuan irudikatu nahi duen ideiak eta sentipenak jasotzeko. Horrela, kasu bakoitza dagokion begiradarekin aztertuz, ohartu naiz ikasteko dudana oraindik asko dela, eta horretan ari naiz, teknikoaz harago beste zenbait alor garatuz, poliki-poliki bideo bakoitzari behar duen ikuspegia ematen ikasiz.

Argi dago ikasketa mundutik profesionaltasunera egin beharreko jauzia handia dela, baina nik modu naturalean egiteko aukera izan dut. Gradua bukatzearekin batera, ikasten jarraitzeko esaten zidaten inguruko gehienek. Baina… ba al dago hau baino master hoberik?

Egunez egun arlo tekniko zein pertsonalean ikasten ari naiz, eta ez al da hau lan prozesuen erronka? Ardurak, ilusioa, lan karga… eta batzuetan buruhausteak ere! Azken finean, horixe baita bizitza bera, egunez egun norberaren akatsetatik ikasi eta hobetzea, egunerokotasunari aurre egiteko.