“Gabonetan Arrasate piztu deigun” gabonetako spota

Gabonak bereziak dira ikus-entzunezko iragarkien sorkuntzan dihardugunontzat. Gero eta erronka handiagoa da sasoi berezi honi egokitutako spot erakargarri bat egitea. Arrazoi askogatik.

Ikusleak gero eta irizpide gehiago du ikus-entzunezkoak baloratzeko, aztertzeko, izaera sortzailetik orohar ezagutza handiagoa du gauzak begiratzeko eta dagoeneko ez da (gara) edozein ikus-entzun produkziorekin konformatzen.

Espainiar Estatuko Loteriaren iragarkiaren sasoia ere bada, film-labur bilakatu den spota, emoziotik edaten duena eta zirrara eragiteko (eta kontsumoa noski eragiteko) sortzen dutena. Historia hunkigarriak proposatzen dizkigute, ikus-entzulearekin enpatia eragiten duten pertsonen historiak, elkartasuna oinarri izaten duten gidoiak dituztenak... eta gehienetan lortzen dute ikus-entzulea hunkitzea. Gugandik gertu, Aretxabaletan eta Oñatin bereziki, aspaldi ari dira umoretik gabon kanpaina enfokatzen, gauza oso dotoreak proposatuz. Herriko komertzioa sustatuz.

Hori dena kontutan izanda, aurten Artemanentzat ez da erronka samurra izan esku-artean izan duguna. Arrasateko Udalarentzat, herritarrentzat eta herriko merkatarientzat balekoa, eta noski herriko kaleetan bizitza sustatzeko eta kontsumoa eragiteko spot erakargarri bat sortzea.

Hala ekin genion erronkari. Arrasateko kaleak soberan ezagutzen ditugu, baina lokalizazio bereziak egin nahi izan genituen, beti baitago modu berezi bat gauzak begiratzeko. Prestaketa lanetan dozena erdi profesional inplikatu dira. Lehenik tonoa eta estiloa definitu genuen eta ondoren gainerako guztia iritsi zen.

Gurea ez da umoretik botatako iragarkia, ezta emozio eta ikuspegi hunkigarrienetik proposatutakoa ere, gureak Disney Faktoria izan du oinarri (produkzio bakoitza bere dimentsioan aztertuta noski eta diferentziak alde batera utzita). Alegia; magia, argiak, koloreak eta haurren Gabonetako ikuspegi berezia izan dira produkzioaren oinarri. Eta erronka honetan sekulako protagonista, aktore itzela izan dugu alboan, etorkizun handikoa. Hark egindako lana txalotzekoa izan da. Eta gu ere, ikuspegi kritikotik begiratuta, pozik gaude egindakoaz. Faktura dotorea du aurtengo Arrasateko Gabon iragarkiak. Ez genuke guk esan beharko, edo bai, beste batzuek kritikatuko baitute.