Klika: urtebeteko korrika maratoia Artemanen
Klika: urtebeteko korrika maratoia Artemanen
Intentsitate handiz bizi izan dugu beti Artemanen Korrika. Azken urteotako edizio guztietan erosi izan dugu Aretxabaletan kilometroa eta gogotsu irteten gara euskararen alde korrika. Aurten, baina, bereziagoa izango da lekukoa eramatea, Korrikaren prestaketa osoa barrutik bizi izan baitugu urtebete pasatxo honetan.
Erronka handia izan da guretzat 21. Korrikaren lelo eta irudia garatzea eta Artemaneko lan-taldea osatzen dugun pertsona bakoitzak eman dio zerbait aurtengo Korrikari: sortzaileek, kazetariek, ikus-entzunezkoetako teknikariek, diseinatzaileek… Euskararekin konpromiso handia dugu gure erakundean eta Korrikarako lan egitea amets bat egi bihurtzea modukoa izan da. Euskaltzale guztien soinean eta eskuetan guk sortutako irudi eta testuak ikustea zirraragarria da.
KLIKA leloa
2018ko urtarrilean hasi ginen lanean 2019ko Korrikako leloa eta irudia sortzeko. Aurtengo Korrikako leloa sortzea izan zen lehen lana. Artemaneko sortzaileen taldea aritu zen lan honetan eta hitz eta esanahi ezberdinetatik tiraka KLIKA izan zen aukeratutako leloa.
Klikak esanahi asko biltzen ditu. Klik egitea da freskatzea, kliskatzea; klika da jateko gosea; klika egitea, irenstea; ikimilikiliklik, trago batez edatea (onomatopeia); klika da txaranga, danbor eta klarinete taldea.
Aktibazioa bilatzen duen hitza da klika: hautua da euskara ikastea, erabiltzea, inplikatzea, jauzia ematea. Klika egitea da euskaraz ahalduntzea, euskaltegietan matrikulatzea. Klika da herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzea. Konpromisoak hartzeko garaia da.
Irudia
Klikaren irudiarekin adierazi nahi izan dugu eztanda, festa eta aniztasuna.
Gure barnean zerbait aktibatzean sortzen den emozioa ordezkatzen du Klikak irudian. Emozio dantza hau kolorez janzten da, eztanda neuronal bat da; gure barnean zerbait gertatu da, klika egin dugu. Energia bultzada hori irudikatzen du irudiak, mugimendua eragiten du.
Arropak eta petoa
Behin leloa eta irudia definituta, arropak eta petoa diseinatzeari ekin genion.
Iragarkia
Iragarkiaren grabazioa eta edizioa ere erronka handietako bat izan zen. Garesen, Gasteizen eta Amurrion egin genituen grabaketak. Protagonistendako eta grabazioetan parte hartu zuten guztientzako esker hitzak besterik ez ditugu. Euskararen alde kolorez zipriztindu ziren, literalki, eta klika-ren jauzia eta eztanda irudikatzen ondo baino hobeto lagundu ziguten.
Diseinu maratoia
Aurtengo edizioaren aurkezpenetik aurrera, diseinu taldeak hartu du Korrikarako materiala diseinatzeko ardura. Lanak ez dira gutxi izan: papergintza, dossierra, publizitate katalogoak, kartelak, Korrika Laguntzailearen kanpainarako euskarriak, aurkezpen sozialetarako materiala, dendetarako errotulazioa, unitate didaktikoak, kalerako pankartak, autoaren errotulazioa, aldizkaria, Korrika Kulturaleko irudia, Txillardegiren omenaldirako euskarriak…
Garesen egin zuen apirilaren 4an Korrikak eztanda eta gogoz egongo gara Aretxabaletan lekukoa hartzeko. Apirilaren 14an goizaldeko 4:30ean izango da gure txanda. Klika Korrika!