600 pertsona S(u/a)minetik bakerako 13 emanaldietan

 

Iñaki Peñak ‘Patxi Lurra’ eta Arteman Komunikazioak-ek ekoiztutako “S(u/a)minetik bakera” (SB) obra eszenikoa 2017ko abenduan estreinatu zen Arrasateko Amaia Udal Antzokian. Estreinako emanaldi zirraragarri hartara bi protagonistak etorri ziren, Olatz Etxabe eta Sandra Carrasco, euren senide batzuekin batera. Halaber, Arrasateko alkatesa eta udalbatza osoa ere publikoaren artean egon ziren.

Ordutik, beste dozena bat emanaldi eraman dira agertokietara, gehienak Gipuzkoan. “Baketik” elkartearen eskutik, udalbatzak presente egon ziren edo ekitaldia sostengatu zuten lau tokitan, elkarbizitza eta bakearen jardunaldi batzuen barruan: Urnietan, Beasainen (Igartzan), Legazpin eta Lasarte-Orian. Kutsu instituzionalagoarekin nolabait, beste pisu eta garrantzia handiagoa emanez.

Hiru tokitan, bestela, markoa bestelakoa izan zen, eta lotu ahal izan zen ikuskizuna enpatia eta errukia bezalako gako-kontzeptuekin, heriotza naturalek eta naturalak ez direnek eragindako doluak nolabait konektatzen. Indarkeriek ekarritako doluak minbiziek, beste gaixotasunek, suizidioek, istripuek eta abarrek ekarritakoekin zentzu batean konparatzen, diferentzia nabarmenetatik amankomunak diren puntuetaraino iritsita. Oso ariketa zaila, baina tantaz tanta bada ere iritsi den mezua izan da. Donostian (Okendon) doluan aditua den Izaskun Andonegiren eskutik egin zen. Zarautzen (Modelon), “Literaturia” jaialdiaren barruan, bertan dagoen komunitate errukitsuaren (“compassionate community”) testuingurua gehitu zitzaion. Eta Getxon, azkenik, sakondu zen ildo horretan, beste herri errukitsu batean. Erantzun bikainarekin.

Beste lau tokitan “etxean” izan dira sortzaileak edota narratzaileak, Bilbon (Kafe Antzokian), Gasteizen (Oihanederren), Zeanurin eta Zarautzen.

Azkenik, oso nabarmentzekoa izan zen Bartzelonan (Calàbria) egindako emanaldia, katalanezko bertsioan eta narratzaile lanetan Robert Manrique (Hipercor-ren atentatuan zauritua) eta Rosa Lluch (Ernest Lluch-en alaba) egon zirelarik.

Datuei dagokienez, ia 600 pertsona etorri dira SB ikustera 13 emanaldi hauetan. Eta sari moduan, “Baketik” elkarteak gida pedagogiko bat argitaratu du euskal kasuarekin lotutako baliabide artistikoekin, besteak beste “Proyecto 43-2” eta “Bizimiñak” benetako antzezlanekin batera: https://www.baketik.org/web/blog_det.php?idioma=eu&id=130

S(u/a)minetik bakera ikuskizuna herriz herri ikusteko aukera dago. Hemen hurrengo emanaldiak: https://arteman.eus/su-aminetik-bakera-ikuskizuna-herriz-herri-ikusteko-aukera/

“Izan ere, zientzialari apartek

diotenez, eta haur guztiek

dakiten bezala, edozeren

gainetik irudimena da

pertzepzioa, konpasioa eta

itxaropena lortzeko bidea”

Ursula K. Le Guin